2026an, Grupo SSIk 40. urteurrena oroituko du. Lau hamarkada lanean zaintzen, etxez etxeko arretaren, eta sektorearen enpleguan eta profesionalizazioan lanean, beti begirada kooperatibo batekin, eta instituzioekin eta lurraldearekin etengabe hizketan. “Berrikuntza eta Gizarte Zerbitzuak” jardunaldiak 40. urteurrena dela-eta antolatutako topaketen zikloari hasiera ematen dio. Formatu pribatuko saioa da, gure historian bidelagun izan diren instituzio eta erakunde aliatuekin solasaldirako eta gogoeta partekaturako espazio modura ulertua.
Lehendabiziko saioan zaintzaren esparruan erantzun berriak egituratzen ari diren gizarte- eta ekonomia-joerak aztertuko dira: biztanleriaren zahartzea, etxez etxeko arretaren bilakaera, eredu profesionalen sendotzea eta bizitzari duintasunez eusteko erakunde-ereduen premia. Metatutako esperientziatik abiatuz, helburua ikaskuntzak berrikusi, eta etorkizunera so horiek proiektatzea da.
Jardunaldiaren abiapuntua programa zabalago bat da, 2026an zehar garatuko dena, eta gaikako beste hiru topaketa barne hartzen dituena, enpleguarekin, zaintzaren kooperatibismoarekin eta feminismoarekin eta inklusioarekin lotutakoak. Jardunaldien ziklo honekin konfiantzazko espazioak sortu nahi dira, elkarrekin, Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko gizarte-zerbitzuen etorkizuna pentsatzeko, arlo publikoaren eta sozialaren arteko lankidetza indartuz, eta Hirugarren Sektoreak pertsonen duintasunarekin konprometitutako zaintza-sistema sendo eta profesional baten eraikuntzan duen eginkizuna balioan jarriz.
“Berrikuntza eta Gizarte Zerbitzuak” jardunaldiari buruz
Duela berrogei urte hasi zen dena, galdera erraz eta ausart batekin: Eta, egiten badugu? Galdera hori bera luzatu genuen 40. urteurreneko gure lehendabiziko topaketan. Ez malenkonia-keinu modura, baizik eta izan ginenaren, garenaren eta eraikiko dugunaren inguruko solasaldi sakon bateko hari eroale gisa. Jardunaldian zehar atzera begiratu genuen. Duela lau hamarkada Bilbo, Bizkaia eta Euskadi nolakoak ziren oroitu genuen, zer gizarte- eta ekonomia-testuingurutan gertatu zen hasiera hura, eta lehendabiziko dei hura, aurrerapausoa emateko erabakia hartu zuten 35 emakumeren arteko bilkura, nola gertatu zen. Halaber, gaur egun Hirugarren Sektore deitzen dugun horrek orduan zer esan nahi zuen berrikusi genuen, eta ekin eta enpresa kooperatibo bateko jabe izateko erabakia nola bizi izan zen.
Solasaldian lehen etapa haietan instituzioek eta erakundeek betetako zeregina jorratu zen, esate baterako, Caritasek, eta horrek funtsezko galdera batera eraman gintuen: Non gaude gaur egun? 40 urte hauetan pilatutako esperientzia abiapuntutzat hartuta, egindako bidearen erradiografia bat partekatu genuen, ikaskuntzak, eraldaketak eta aliantzak balioan jarriz. Gure historia edonon gertatu ote zitekeen galdetu genion gure buruari, eta zer eman dion Bilbori baterako eraikuntza honek. Hirugarren Sektoreak eta, zehazki, Grupo SSIk, Bizkaian eta Euskadin gizarte-zerbitzuen sistema egituratzeari begira zer ekarpen egin duten hausnartu genuen, eta baita etorkizuneko erronken aurrean bete beharreko zereginari buruz ere.
Berrikuntzak funtsezko lekua du gure solasaldian. Zer esan nahi du berritzeak zaintzen esparruan? Zer erakutsi digu eta zer ekarpen egiten jarraitu dezake? Iraganaren berrikuspen horretatik, aurreranzko begirada proiektatu genuen: Eta, orain zer? Topaketari, jardunaldiaren izpiritua laburbiltzen duen galdera ireki batekin eman zitzaion amaiera: Zer balio berezi ematen jarraitu behar du Grupo SSIk datozen Bilbo, Bizkaia eta Euskadiri erantzuteko gai izango den zaintza-sistema baten eraikuntzan? Galdera horien xedea ez da erantzunak ixtea, baizik eta solasaldi partekatu berriak irekitzea.

