BARNEKO INFORMAZIO-SISTEMA

ZER DA BARNEKO INFORMAZIO SISTEMA?

Gure erakundeak portaera bidegabeak eta nahi gabekoak jaso eta kudeatzeko ezarri duen sistema da.

Gehiago jakin

Barneko Informazio Sistema da Grupo Servicios Sociales Integrados, S. Coop.-ek (aurrerantzean, “Grupo SSI”) balizko irregulartasunei buruzko informazioa jaso eta kudeatzeko ezarri duen sistema, informatzaileak errepresalietatik babestuko direla bermatzeko, betiere komunikazioa ezarritako lege-esparruaren barruan badago.

Whistleblowing Zuzentaraua (1937/2019 Europako Zuzentaraua) da erreferentzia-araua.  Zuzentarau hori arau-hausteei buruzko informazioa ematen duen pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko  2/2023 Legeak txertatu du Espainiako Legerian.

Horretarako prestatutako barne-kanalen bidez, gure erakundearekin lan- edo lanbide-harremana duen edonork jakinarazi ahal izango dizkigu balizko arau-hausteak, penalak edo administratiboak (larriak edo oso larriak), edo Europar Batasuneko zuzenbidekoak, baita gure kode etikoko ez-betetzeak ere, segurtasun- eta konfidentzialtasun-berme osoekin eta inolako errepresaliarik jaso gabe, betiere onustez jokatu badu.

Egun, Grupo SSIren Barneko Informazio Sistemak Taldeko enpresa hauek lotzen ditu:

  • GRUPO SERVICIOS SOCIALES INTEGRADOS (GRUPO SSI) S.COOP
  • AURRERANTZ S. COOP. DE INICIATIVA SOCIAL
  • EUSKARRI KOOP E.
  • HOME CARE LAB, S. COOP
  • GRUPO SSI SILVER HUB, S.COOP

 Barneko Informazio Sistemak gure Compliance Sistemaren barruan kokatzen da, eta elementu hauek osatzen dute:

  • Barneko Informazio Sistemaren politika edo oinarrizko printzipioak.
  • Sistemaren arduraduna, espezifikoa eta independentea, gure Artezkaritza Kontseiluak legez izendatua, eta informazioak jaso eta izapidetzeaz arduratuko den pertsona fisiko bat izendatu duena.
  • Komunikazioak jasotzeko barne-kanal batzuk, legezko segurtasun- eta konfidentzialtasun-betekizunak betetzeko diseinatu eta prestatu direnak.
  • Komunikazioak kudeatzeko prozedura bat, nahitaez bete beharrekoa, jasotako komunikazioak jaso, izapidetu eta ebazteko prozesuaren babes-, konfidentzialtasun-, objektibotasun- eta eraginkortasun-betekizunak bermatzen dituena.
  • Eta plataforma informatiko bat, kasuen berri emateko eta izapideen barne-kudeaketa egiteko aukera ematen duena. Hori modu seguruan egiten dugu; izan ere, legez horretarako ahalmena duten pertsonek bakarrik eskura ditzakete datuak; horretarako, web-eremu pribatu bat dugu, kasuaren informazioa eta dokumentazioa informazio-emailearekin bi norabidetan jarraitzeko eta trukatzeko.

NOLA INFORMATU?

Web-plataforma seguru bat sortu dugu, informazioa erraz eta isilpean eman dezazun, eta, nahi izanez gero, eremu pribatu bat ere baduzu eskura, jakinarazi duzun kasuaren jarraipena egin dezazun eta kudeatzailearekin harremanetan jar zaitezen.

Gehiago jakin

Gure barne-kanaleko plataforman sartzean, web-orri nagusi batera iritsiko zara, eta bertan kanalaren alderdi orokorrak gogoraraziko zaizkizu, eta informatzaileentzako eta kaltetuentzako gure pribatutasun-politikei buruzko informazio zehatza irakurri ahal izango duzu.

Hortik, inprimaki bat eskuratu ahal izango duzu, eta horretan zure informazioaren xehetasunak emateko aukera izango duzu, bai idatziz, bai audio-grabazio seguru baten bidez, baita, nahi izanez gero, dokumentazio gehigarria erantsiz ere. Zure nortasuna babesteko neurri teknikoak aplikatzen ditugu; hala, fitxategietako metadatuak ezabatzen ditugu, ahotsa desitxuratzen dugu eta edozein informazio-truke enkriptatzen dugu beti.

Informazioa izena eman gabe edo nor zaren esanda eman dezakezu. Zure datu pertsonalak pribatutasun-politikan kontsulta ditzakezun helburuetarako baino ez dira erabiliko, eta langile baimenduek tratatuko dituzte. Nor zaren ez zaie inolaz ere adieraziko komunikazioan adierazitako egitateen xede den pertsonari edo hirugarrenei.

Inprimakian hitzordu bat eskatzeko aukera izango duzu, kudeatzaileari zuzenean informazioa azaldu edo zabaltzeko. Hitzordu hori gehienez ere 7 eguneko epean hitzartuko da, ondoren azalduko dugun web jarraipeneko eremu pribatuaren bidez eskatzen denetik zenbatzen hasita.

Ahozko komunikazioak dokumentatu beharko dira, informatzailearen aldez aurreko baimenarekin, formatu seguru, iraunkor eta eskuragarrian grabatuta, edo komunikazioaren transkripzio osoa eta zehatza eginda. Datuen babesari buruzko araudiaren arabera dagozkion eskubideei kalterik egin gabe, informatzaileari, ahal den guztietan, elkarrizketaren transkripzioa egiaztatu, zuzendu eta onartzeko –sinadura bidez– aukera emango zaio.

Inprimakia bete ondoren, zure komunikazioa erregistratu izana baieztatuko dizugu, eta jarraipenaren eremu pribatura sartzeko gako bat emango dizugu. Bertan, nahi izanez gero, zure kasuaren aurrerapena ezagutu ahal izango duzu, eta kudeatzailearekin komunikatu eta informazioa eta dokumentazioa trukatu, erraz, seguru eta isilpean. Ezinbestekoa da gako hori behar bezala gordetzea; izan ere, konfidentzialtasuna dela-eta, ezin da berreskuratu eta, galdu edo ahaztuz gero, informazioa berriro bidali beharko diguzu.

Kasuaren kudeaketan zehar, litekeena da informazio gehigarria eskatzea jarraipenerako eremu pribatuaren bitartez, eta, beraz, komeni da aldian-aldian zure egoera berrikustea. Nahi baduzu, jarraipeneko eremu pribatura sartzeko gakoak ematean, aukera emango zaizu helbide elektroniko bat eman dezazun, zeinaren helburu bakarra izango den zure kasuan nobedaderik dagoen ohartaraztea.

Kasua kudeatzeaz arduratuko den pertsonak informatzaileak bidalitako informazioa aztertuko du, izapidetu daitekeen ala ez erabakitzeko, eta informatzaileari jakinarazpena bidaliko dio, komunikazioa izapidetzea onartu den ala ez adierazteko.

Komunikazioa izapidetzeko onartzen bada, barne-ikerketa hasiko da, eta gehienez ere 3 hilabeteko epean (luzagarria, kasuaren konplexutasunagatik, 6 hilabetera), azken erabakiaren emaitza jakinaraziko da.

Informatzailea Babesteko Agintaritza Independentearen kanpo-kanala:
Balizko ez-betetzeei buruzko informazioa emateko lehentasunezko bidea barnekoa bada ere, jakinarazi nahi duzun irregulartasuna 2/2023 Legearen 2. artikuluaren eremuaren barruan badago, hau da, arau-hauste penal, administratibo larri edo oso larriak edo EBko zuzenbidearen hausteak badira, Informatzailea Babesteko Agintaritza Independente eskudunaren kanpo-kanalaren bidez eman dezakezu horien berri, bai zuzenean, bai gure barne-kanalaren bidez informatu ondoren.